2014(e)ko maiatzaren 15(a), osteguna

Erorketak, gai mamitsua (II): arrisku faktoreak

Aurrekoa                                                                                                                Hurrengoa
 Hainbeste zenbakirekin ziurrenik zorabiatuko zineten, baina hitz-jokoa eginda, zergatik zorabiatzen edo erortzen dira edadetuak hain maiz? Gure hitzaldietan, askotan gogoratzen dugu bi faktore mota daudela, norberarenak edo fisikoak eta kanpokoak edo ingurukoak, elkarri eragiten diotelarik. Zer diote, bada, adituek honen inguruan?

Gero eta erortzeko arrisku faktore gehiago, orduan eta arrisku gehiago erortzeko. Arrisku faktore horiek ariketa fisikoa, oreka, oinetakoak, osasuna, begiak, (argitasuna, urrun edo gertu ikustea, zenbateko gaitza, gauzak bereizi ahal izatea,…), botikak eta ingurunea lirateke (AUSTRALIAN GOVERNMENT, 2005). Ikerketa berberaren aburuz, erorketa gehienak bizitza sedentarioa duten edadetuek izaten dituzte, baina zergatik gelditzen dira etxean? Antza, etxezulo horien %20ak beraien mugikortasun eza hanketako gaitzei leporatzen die

Erorikoen atzean ere ahulezia sortzen duten bihotz arazoak, dementzia eta hipotentsioa, laberintitisa eta egoera fisikoaren kaskartzea leudeke, beste hainbaten artean (NSW Department of Health, 2006). Eta zalantzak argitzen hasi garenez gero, alkohola erorikoak errazten dituela egia al da? Bada, bai, egia da. Izan ere, koordinazioa eta oroimena gutxitzen ditu, efektu oro gehiegi handitzen ditu eta hezurrak mehetzen ditu.


Halaber, adinekoak erortzeko arrazoi fisikoak behin eta berriz aipatu ditugu orain arte, baina hona hemen beste arrazoi batzuk (COMMONWEALTH OF AUSTRALIA, 2008) : ikusmen txarragoa izatea, oreka eta indarra eskasa, sentimenen beherakada, erreazionatzeko eta bi gauza baino gehiago aldi berean egiteko ahalmena gutxitzea eta azken sei hilabeteetan ere erori izana.
Dena den, arriskua handitu egiten da bihotzekoa, artritisa eta Parkinsona badituzu, diabetesa, depresioa eta dementzia, hipotentsioa, ahulezia, inkontinentzia, dieta eskasa, alkohola hartzea, gaixotasunak, bereziki osteoporosia,…

Botikek ere lurrera ‘botatzen’ gaituzte, batik bat, logalea, noraeza, egonkortasun eza eta ahulezia eragiten duten horiek. Izan ere, erortzen direnen %81ek botikak hartzen dituzte, hala nola, benzodiocepina, antihipertentsiboa, diuretikoa, fenotiazina, antidepresibo triziklikoa eta antiinflamatorio ez estereoideoa (WHO. 2007).

Pertsona bakoitzak bere berezitasunak ditu eta pertsona bera, terapeutak eta ingurukoak horietara egokitu beharko dira.

Erorketak sortzen dituzten beste faktore batzuk sistema neurologikoan gaitzak (kortexa aldatu), ‘kailoak’ eta ‘juaneteak’, infekzioak eta gaixotasunen hasiera lirateke.

Gainera, gauza jakina da emakumeak gehiago erortzen direla, gizonezkoekin alderatuz, eta gizonezkoak, ordea, gehiago hiltzen dira erorketen ondorioz.
Zergatik, baina? Honen atzean, eguneroko oinarrizko ekintzak egitean hartzen den arriskua, drogak, ezaugarri sozioekonomikoak, arazo kognitiboak, zentzumenenetan eta gaitasun motoreetan eta ikusmenezkoetan beherakada eta segurtasun falta leudeke (WHO. 2007).

Erortzeko arrazoiekin amaitzeko, erorketen atzean genetika ote dagoen ikertu dute PROFANE sarekoek (SKELTON, 2010).
Izan ere, Aberdeeneko ikertzaile batzuek honako aurkikuntza interesgarria egin zuten: erorketak izateko joera handiagoa eragin dezakeen ACTN3 genea dugu. Hori bai, beti bezala argi utzi behar da erorketa faktore askoren elkarrekintzen ondorioa dela.
ACTN3 genea erabakigarria da giharren indarrarentzako, eta pertsona bakoitzak bi kopia jasotzen ditu gurasoengandik.
Biztanleriaren %30ak ez ditu biak topetara lanean, eta horrek proteinen ekoizpena murrizten du. Erorketen handiagotzea, halaber, genea eraldaturik dagoenean gertatzen da.
Edonola ere, ez kezkatu, ACTN3 geneak ez baitu inolako eraginik eguneroko bizitzan eta.
 

Bibliografia

AUSTRALIAN GOVERNMENT: The National Slips and Falls Prevention Project [linean]: slips and falls learning resource. [Camberra]: Australian Government, Deparment of Health and Ageing, 2005. [Kontsulta: 2012-05-12] http://www.health.gov.au/internet/main/publishing.nsf/Content/8F331513D9F8A95BCA257553007FF335/$File/slips-and-falls-prev.pdf
COMMONWEALTH OF AUSTRALIA. Don’t Fall For It- A guide to preventing falls for older people [linean]. Australian Government. Department of Heath and Aging, 2008. [Kontsulta: 2012-05-12]. http://www.health.gov.au/internet/main/publishing.nsf/Content/phd-pub-injury-dontfall-cnt.htm
SKELTON, D Can you be genetically predisposed to falls? [linean]. Profane, 2010eko azaroaren 30a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2010/11/30/can-you-be-genetically-predisposed-to-falls/

WHO. A WHO Global Report on Falls Prevention in Older Age [linean]. [Ginebra, Suitza]: OMS, 2007. [Kontsulta: 2012-07-14] http://www.who.int/ageing/publications/Falls_prevention7March.pdf

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina