2014(e)ko martxoaren 10(a), astelehena

Aitzin-solasa


Ongi etorri blog xume honetara, xumea izan arren, helburu garrantzitsuak eta erronka erakargarriak dituen atari honetara, alegia.

Hasi gaitezen, bada, azken hauei buruz hitz egiten. Web orrialde honetara iritsi bazara, gaiaren inguruko interesa zenuelako izan da, edo hori espero dugu behintzat. Erorketak, eta oro har, adineko jendea, oso gai zehatzak dira, eta tamalez, literatura eta informazioa zaila da eskuratzen, zaila da ulertzen eta kaleratzen diren ikerketak eta materialak ez dira gure hizkuntzetan argitaratzen, bereziki, euskaraz. Izan ere, euskara eta gai asko oso urrun daude, edo gai horiek urrun daude euskaratik, eta bi munduak gerturatzea da gure helburua.


Erorketak Ekiditea azkenaldian agintarien mahai-gainean dagoen kontua eta lan-esparrua da eta ibiltzen hasi berria den haur baten gisan irudikatu dezakegu. Guk ere, Erorketak Ekiditeko Programa hau abiatzerakoan, ibiltzen ikasi behar izan genuen, eta horretarako, artikulu andana irakurri, laburtu eta euskaratu genituen.


Konturatu ginen izugarrizko lana egin genuela gure ordenagailuan gordeta uzteko eta gure artikuluak sareratu eta sozializatuko zituen blog hau martxan jartzea otu zitzaigun.

Hona helburuak eta erronkak. Zergatik diogu, baina, egitasmo xumea dela?
Blog honen egileok ez dugu formakuntzarik ikertzaile edo dibulgatzaile bezala; ez dugu euskarazko PL4rik eta gure erdara ere ez da guztiz jasoa; informatikari baten laguntza dugun arren, blogger euskarriaren bitartez sareratu dugu bloga, teknikoki errazena hau zelako,…


Guk horrela nahita, gure lan-orduetan eta gure lan kargaren arabera aurrera atera nahi dugun ataria da hau, jakinik ez dugula lan biribila egingo, baina gure egoera berdinean (adinekoak edota erorketak ogibide, interesgune edo ikasketa dituztenak, alegia) dauden pertsonei oso baliagarria iruditu ahal zaiela uste dugu modu konbentzituan. Bestalde, euskaldunok dugun hutsune bat betetzeko asmo osoarekin ere egina dago honako atari hau, hots, gai hau euskaraz dauden artikuluez hornitzeko asmoarekin.

Beraz, aitzin-ohar hau baliatu nahi dugu hona sartzeagatik gure esker beroena emateko eta barkamena eskatzeko post, artikulu, laburpen eta gainontzeko idazlanetan akatsen bat egin badugu, izan aipua gaizki jarri dugulako, izan kontzeptu bat azaltzerakoan ondo azaldu ez dugulako geure burua, izan gaizki idatzi dugulako, izan blogaren formatua sinpleegia delako,… Gure eskuetan dagoen guztia egin eta egingo dugu lan txukuna egiteko.


Eskerrik asko berriro ere eta zure interesekoa izango delakoan. Nahi duzunerarte,


Gazteak Baleki, Zaharrak Baleza blog honetako egileak

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina