2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Hidratazioa hizpide (III)

Aurrekoa

Hidratazioarekin jarraituz, SEGG erakundearen praktika onen gida bat hartuko dugu kontuan, gaiaren inguruan are eta gehiago janzteko.

2003ko bero-olde izugarriak, zeinetan, gogora dezagun, Europa osoan zehar jende asko zendu zen, inflexio-puntua ekarri zuen gurera, batik bat hainbeste agure deshidratatuta hil ziren arte ez baitzen ezer egin. Adinekoek zigor handi xamarra izan zuten, baina ulertzekoa da zergatia, izan ere, orokorrean gure ur kontzentrazioa %75ekoa bada ere, 65 urtetik gorakoen kasuan %65a baita (Casado, Garea, Gil, Moreno, Ramos eta Rodríguez, 2011). Galera hau ehun muskularraren galtzeak dakar, eta hau, halaber, hezur, gantza eta lotura ehunak galtzeak.

Lehenago ere aipatu izan dugu urik gabe aste batean hilda geundekeela, baina jakirik gabe hilabete bizitzeko gai izango ginatekeela. Bada, uraren funtzioei so eginez gero, ulergarriagoa da baieztapen ‘bitxi’ hori. Urak fluido organikoak garraiatzen ditu, ehun eta artikulazioen lubrikantea da, zelulen metabolismoa ahalbidetzen duena, termoerregulatzailea, infekzioen aurrean babeslea, eta gainera, erreakzio kimiko guztiak gerta daitezen beharrezko baldintza. Ez da gutxi.


Dena den, bakoitzaren ur beharra ezberdina da, alde hau ariketa fisiko kopuruaren, hezetasuna eta altitudea bezalako inguruko baldintzen, dietaren, ohitura toxikoen eta osasun arazoen araberakoa delarik. Gainera, medikuntzak, liseriketa-funtzioak, janzkerak eta erredurek eragina dute ur beharrean (Casado, Garea, Gil, Moreno, Ramos eta Rodríguez, 2011).

Balantze hidrikoa edo ur oreka ere kontuan hartu beharreko zerbait da, izan ere, BH+ edo BH izatea komeni zaigu, hau da, irabaziak izatea edo orekan egotea. Alarma BH- dugunean piztuko da, ur galerak izango baititugu.

Kaltea hainbestekoa ez den arren, pertsona osasuntsu askok ere ez dute gehiegi edaten, eta homeostasi organikoa apurtzen bada ere, ez dira deshidratatzen, mekanismo orekatzaileak aktibatzen baitira. Pertsona osasuntsuek ere arazoak badituzte, pentsa sasoiz kanpo daudenak zer nolako gabezi eta egoerei egin behar dieten aurre.
Deshidratazioa ospitaleratzen diren agureen %10ak izan ohi du. Arrazoien Top 10aren barruan, beraz. Heriotza tasa %70a izan ohi da 40 eta 70 urte artekoetan (Casado, Garea, Gil, Moreno, Ramos eta Rodríguez, 2011), eta deshidratazioa kuantitatiboa nahiz kualitatiboa izan daiteke. Hala ere, deshidratazioaren eta hiperbolemiaren artean ezberdintzea komeni da, azken hau zelulen bolumenaren jaistea eta uraren eta sodioaren beherakada baita.

Goraxeago oreka hidrikoari eta homeostasi organikoari buruz hitz egin dugu, baita mekanismo erregulatzaileei buruz ere. Erregulazio hori kanpoko eta barneko balantzearen bidez eta kontrol sistemen bidez, hau da, erreakzioen bidez burutzen da. Azken honen kasuan erreakzio gutxi gertatzen badira, zerbait gaizki doan erakusle garbia litzateke.

Giltzurrunen lan ‘kaskarrak’ ere bere ondorioak ditu, izan ere, ur kontzentrazioan zeresan handia du. Gernuan dagoen hondakinen kontzentrazioa mantentzeko komeriak izaten dira adinarekin (Casado, Garea, Gil, Moreno, Ramos eta Rodríguez, 2011), eta diluitzeko eta sodioa mantentzeko gaitasuna beherantz doa.

Esan dezakegu giltzurrunen kaltetze horretaz gain, oinarrizko ekintzak burutzeko zailtasunak, likido asko galtzera eramaten gaituzten faktore ugariren agerpena eta farmako batzuen ezaugarriak ere hidratazio eskasa izateko arrisku faktoreak lirateke.

Deshidratazioari buruz hitz egiten dugunean, kausa eta mota ugari daude (Casado, Garea, Gil, Moreno, Ramos eta Rodríguez, 2011). Deshidratatzeko arrazoiak asko dira, esaterako, ura lortzeko irisgarritasun eskasa, gutxiago jatea, kontzientzia urria, kognizioa eta afektua beheraka joatea, urdaileko gaitzen bat edukitzea, egarriaren sentsazioaren gorabeherak, ingurua, azala, liseriketa zer nola egiten den eta abar luze bat.

Deshidratazio motak, berriz, 5 dira:

  • Isotonikoa: Sodiok eta ura beheraka doaz eta tentsio arteriala, berriz, igo.
  • Hipotonikoa: Sodioa ura baino gehiago galtzen denean.
  • Hiponatremia larria: sodioa denbora gutxian asko jaisten denean, zeinek botagurea, koman sartzeko eta bihotzeko arriskua izatea eta heriotza ekarri ditzakeen.
  • Hiponatremia kronikoa: nekea, zorabioak, ibiltzeko zailtasunak eta erorketak dakartza.
  • Hipertonikoa: ura sodioa baino gehiago galtzen denean. Adinarekin asko igotzen da, arriskutsuena da eta %42ak hau dauka.

 

Bibliografia

Casado, Á; Garea, E; Gil, P; Moreno, N; Ramos; P eta Rodríguez, J. Guía de Buena Práctica Clínica en Geriatría [linean]: Hidratacion Y Salud. [Madrid]: Sociedad Española de Geriatría y Gerontología (SEGG), 2011. [Kontsulta: 2012-05-12].

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina