2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Hidratazioa hizpide (I)

                                                                                                                                              Hurrengoa

Honako artikulu honek, aurreko gai guztiak alboratu (baita erorketak ere) eta hidratazioa izango du hizpide, izan ere, kontutan hartu beharreko gauza oso garrantzitsua da, haren faltak osasun arazo andana ekartzen baititu. Larria da arazoa, are gehiago bi herenek hidratazio onik, hau da, egunero 2 L ur edatea (ESADE, 2010), ez dutenean.

Gabezia horren atzean aldaketa fisikoak daude, eta honekin batera eraldaketa horien eragile diren ohitura aldaketak. Izan ere, adinarekin pisua eta tamaina aldatzen da, baita gorputz osaketa ere; egarriaren sentimen guneak, erantzun inmunologikoak, kontrol mekanismoak eta liseriketa aparatuak behera egiten dute, eta horretaz gain, karbohidratoenganako intolerantzia hazten da.

Honek guztiak bere eragina du gorputzarengan, deshidratazioa 65 urtetik gorakoen ospitaleratzeen arrazoien artean Top10ean baitago (ESADE, 2010).

Estatu Espainiarrean egindako ikerketa baten esanetan, bataz beste 1791 mL (ez da nahikoa edaten, hortaz) edaten dira egunero, kontsumoa adinarekin jaisten delarik eta neskek mutilek baino gehiago edaten dutelarik. Urari dagokionez, 1082 mL soilik hartzen dira, eta lehen aipatu dugun adin-tarteei dagokionez, 50-59 adin-tartetik 60-69 adin-tartera dagoen ezberdintasuna itzela da (ESADE, 2010), asko jaisten baita.



Egunean edan behar diren 2Lak %36ak bakarrik edaten dituzte. Gainera, %32a arrisku sektorean dago, hau da, eguneko 1,5 eta 2 L-en artean edaten dituztenak, eta beste %31, berriz, sektore kritikoan, 1,5 L baino gutxiago edaten baitute.

Adinekoen edate ohiturekin jarraituz, txorrotatik edaten du %78ak, esne kontsumoa adinarekin gora doa eta zukuarenak gorabeherak ditu, adinekoen artean bere kontsumoa igotzen delarik. Edariekin jarraituz, infusioa adinarekin jaitsiz doa; garagardoa ez da asko edaten, nahiz eta Hegoaldean gehiago kontsumitu; kafe dexente edaten da, baina gutxinaka-gutxinaka; freskagarriak egoera berezietan soilik; ardoa ere ez gehiegi (Espainia iparraldeko gizonek izan ezik); edari isotonikoak oso gutxi, asko eta asko hasi dira bertuteak ezagutzen hasi diren arren; hortxata nahiko ahaztuta dago, eta bukatzeko, fruta eta zopa dexente jaten/edaten da.
Baina zergatik doa likidoen eta uraren kontsumoa beherantz adinarekin? Nahikoa edaten dutenek zergatik egiten dute? Bada, hamaika azalpen ditu. Lehenik eta behin, egarrituta egotea garrantzitsua da, adin horretan sentsazio hori ez baita hain ohikoa (ESADE, 2010). Bestalde, edertasuna sustatzen duen edari kosmetikoa eta gure gasolina dela uste dutenek gehiago edaten dute, baita ura edateari balio sinbolikoa eta soziala atxikitzen dioten horiek, egoera soziodemografiko egokian eta gazteekin bizi diren horiek lez. Horretaz gain, erregulatzaile termikoa denez, horretarako beharra dutenak gehiago edango dute, baldin eta erosteko zailtasunik ez badute. Bukatzeko, uraren funtzio proaktiboa aitortzen dutenek eta zahartzaroan ohikoa den utzikeria baztertzen dutenek ere gehiago edaten dute.

Hidratazioa sustatu dezaketen hiru eragile nagusi daude, zeintzuk prestigiodun gertuko pertsonak izan behar duten. Hau honela, osasun munduan, doktoreek botikariek eta erizainek baino arrakasta gehiago izaten dute, sare afektiboan, berriz, bikotearen aholkuek oinordekoen eta lagunen hitzek baino eragin handiagoa dute, eta bukatzeko, komunikabideek eta iragarkiek orain arte alor honetan egin duten lanak asko du hobetzeko.

Arazo honen inguruan egin behar den esku-hartzeak erreminta egokiak, ezagutza esanguratsua, onuren kontzientzia eta hainbat estrategia bultzatu behar ditu (ESADE, 2010), arazoa ezagutarazteko, espektatibekin jokatuz, egoerak erlatibizatuz, laguntza eskainiz, osasun-zerbitzuekin harremanak sustatuz, informazioa eskainiz eta gizarteak behar honetaz duen zeresana piztuz.

Hau honela, esan daiteke hidratazio eskasiaren atzean ezagutza falta dagoela, eta halaber, adinekoen artean gehiago nabarmentzen den kontsumo falta eta gizarteko hainbat partaidek ur eskasiak izan dezaken eraginaren inguruko ezjakintasuna ikusi daiteke.

Hau ikusita, hidratazioa behar-beharrezkoa da, baina batik bat udaran, likido gehiago galtzen baita eta kontzientzia falta izugarria baitago (ZUDAIRE, 2011). Honen harira, ezaguna da janaririk gabe urik gabe baino gehiago iraun dezakegun baieztapena. Izan ere, ura gure pisuaren %50a baino gehiago da, eta erreakzio kimiko guztiak ura duten inguruneetan gertatzen dira.

Adinarekin, baina, giltzurrunaren iragazia handitzen da (70 urtetik gorakoak 30 urtetik gorakoekin alderatuz), gernuaren bitartez ur gehiago galtzen dugularik (ZUDAIRE, 2011). Gainera, arazo honi ura metatzeko biltegi falta gehitu behar diogu. Hortaz, ur asko edatea ezinbestekoa da adinekoentzako, baita bere baitan dutenaren %90-99a ura den barazki eta fruitu asko jatea ere. Beste irtenbide bat ur asko edatea litzateke ohitura bezala, edo horretara bultzatuko gaituzten edalontzi handiak izatea

 

Bibliografia


ESADE (Observatorio del Comportamiento: Sociedad y Consumo). Estudio sobre las actitudes y comportamientos saludables de la gente mayor en su hidratación [linean]. 2010eko azaroa. [Kontsulta: 2012-06-10].

ZUDAIRE, M. Hidratación de los mayores, mucho más que calmar la sed
[linean]. [Elorrio]: Consejo Fundación Eroski, 2011ko uztailaren 6a. [Kontsulta: 2012-05-12]. http://www.consumer.es/web/es/alimentacion/aprender_a_comer_bien/adulto_y_vejez/2011/07/06/201731.php

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina